Euskera | Erderaz

Berriak

MAIATZEKO HITZALDIAK

Nikaragua, Kanpoko eskuek txirotutako herrialdeetako bat

Nikaragua

Azpigaratuak, pobreak, hirugarren munduak… modu askotan deitzen diegu hego hemisferioko hainbat herrialderi. “Horrela deituta, euren egoeraren errua herrialde horiena dela ematen du; ez direla gai izan aurrera egiteko, eta koitaduak direla”.  Ima Escribano Kainaberako kidearen berbak dira horiek. Hitzaldian azaldu duenez, beste kontzeptu berri bat dabil orain gizartean zabaltzen: HERRIALDE TXIROTUAK. “Azken finean beste herrialde batzuen interesengatik daude egoera horretan Nikaragua lako herriak; Iparraldeak zapaldu egin dituelako”.

Nikaraguara 2003an joan zen lehenengoz Ima Escribano elorriarra. Ordutik osasunagaz zerikusia daukaten hainbat proiektutan ibili da lanean boluntario. Proiektuen artean, etxe duin eta osasungarrien proiektua dago. Besteak beste, Kainaberaren eskuhartzeagaz aurrera doan proiektua dugu hori.

Nikaraguaren historian bidaia labur bat egin du Escribanok. 1522an Espainiak Nikaragua konkistatu zuenean hasi du kontakizuna. Orduantxe hasi ziren zapalketa guztiak. Konkistak iraun zuen 40 urtetan 600.000 biztanletik 24.000 izatera pasa ziren nikaraguarrak. Geroztik, Atlantikotik Pazifikora pasatzeko herri honek eskaintzen dituen aukerek eta, batez ere, AEB eta Erresuma Batuko interesek, Nikaraguako herritarren bizi baldintzak okertu baino ez dituzte egin.

Enpresa handiek Nikaraguan eta Hego Ameriketako hainbat herritan izandako eragina ere nabarmendu du Kainaberako kideak. United Fruit Companyk, esaterako, fruiten kultiboan indar handia izan du. Lur askoren jabe izanda, produktu bakar bat eraitera derrigortu izan ditu nekazariak, eta gero prezio altuan saltzen ditu produktuak.

Sandinisten lana

Estatu Batuen eskuhartzearen kontra Augusto Cesar Sandinok eta bere jarraitzaileek egindako lanaren inguruan ere berba egin du Imak bere hitzaldian. AEBk babestutako Guadria Nazionalak errepresioak eta gerora etorri ziren diktadoreen jardunek (Somoza familia) gogor astindu zituzten nikaraguarrak.

Nikaraguako gobernuan izandako ustelkeriak ere aipatu ditu: 1972ko lurrikaran eta Mitch hurakanean 1998an, herrialdera heldu ziren laguntzekin aberastu zirela esan du.  1979an sandinistak boterera heldu zirenean mundu osoan ilusio handia egon zela gogoratu du Imak. Hezkuntza alorrean eta osasun alorrean aurrerapen handiak egin zituzten garai horietan. Orain, Daniel Ortegaren gobernuan gauza onak eta gauza txarrak ikusten dituela azaldu du. Osasun arloan, behintzat aurrerapenak egiten dabiltzala esan du, komunitate bakoitzean anbulategi bat jartzeko lanean dabilelako, nahiz eta diruz larri ibili zerbitzu hori mantentzeko.

Elorrio 2010 Eskubide guztiak erreserbatuak www.kainabera.org